XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Astroen higidura

Zinematikari, hau da, higidurak aztertzen dituen fisikaren atalari, eskaini diogun unitate didaktiko honen azken atalean astroen higidura aztertuko dugu.

Bertan, historian zehar Lurrari unibertsoan eman izan zaizkion posizio desberdinei lotutako eredu geozentrikoak eta heliozentrikoak izan zuten garapena aztertuko ditugu.

Honako galdera hau egin geniezaioke geure buruari atal hau hasterakoan: zergatik aztertu astroen higidura zinematikan?

Ortzeko gorputzak ez daude geldirik, Eguzkia, Ilargiak eta izarrak higitu egiten dira, eta gizakia antzina-antzinatik ohartu zen fenomeno horretaz.

Eguzkia eta Ilargia erraz bereiz daitezke zeruko gainerako argietatik, baina argi horien artean, askoz zailagoa da izarren artean planetak zein diren bereiztea.

Hala ere, ez dugu ezagutzen planetak izarretatik bereizi zituen lehen gizakiaren izena, gizon edo emakume hura dela milaka eta milaka urte bizi izan baitzen.

Nola ohartu zen gizaki hura, Eguzkia eta Ilargiaz gain, ortzeko argizko bost puntu distiratsu haiek, gainontzekoen arteko finkotasuna apurtu eta hilabetetan zehar beren kasa bezala higitzen zirela gaueko zeruan?

Ez da gauza erraza jakiten nola gertatu zen, baina zerbait esan genezake inolako zalantzarik gabe: aspaldiko gizaki hark ere denbora luzea igarotzen zuen zerura begira hango argien, izarren eta planeten, astroen, higidura aztertzen.

Atal honetan zuri dagokizu lan horretan hastea, astroen higidura aztertzea, eta aspaldiko gizaki hura bezala, beharbada, liluraturik geratzea.

Eguzki-sistemaren ezagutzan garrantzi berezia izan zuten Eguzki-sistema esploratzeko asmoz 1977ko abuztuan eta irailean jaurtiki ziren Voyager izeneko zunda espazialak.